domingo, 27 de diciembre de 2009

Orendain


Izen ofiziala: Orendain
Herritarra: orendaindar
Eremua 5,95 km2
Garaiera 110-433 m.
Euskaldunak %95,56 (2001)
Distantzia 36 km. Donostiara
Postakodea 20269
Biztanleria 180 bizt (2008)
Dentsitatea 30,25 bizt/km²
Sorrera 1988 urtarrilaren 1

Orendain Gipuzkoako ekialdean eta Tolosaldeako eskualdean dagoen landa-udalerri euskalduna da, UEMA mankomunitatearen kidea dena.

2008an 180 biztanle zituen.

Iparraldean Alegia eta Ikaztegieta, hegoaldean Abaltzisketa eta Gaintza, ekialdean Amezketa eta mendebaldean Baliarrain eta Legorreta udalerriak mugakide ditu.

Auzoak

Herrigunea eta Astizaldea auzo nagusiak dira, Baldanalde eta Egileor auzuneak ere aipagarriak dira.

Inguru naturala

Ekialdean Amezketa eta mendebaldean Ibiur errekak muga naturalak dira.

Historia

1374an Tolosarekin lotuta egon zen, inguruko beste herri batzuen moduan, eta lotura hori 1615 arte mantendu zuten. Gutxi geroago "Aizpuruako Batasuna" osatu zuen Alegia eta Ikaztegietarekin batera hasieran, eta Altzorekin ere azkenean. Batasunak XIX. mendea arte iraun zen.

Azkenik, 1967an Baliarrain eta Ikaztegietarekin Iruerrieta udalerria sortu zuen, baina 1988an gaur egungo egitura hartu zuen.

Ondarea

* Andra Mariren parrokia-eliza.
* San Sebastianen baseliza.
* Udaletxea (neoklasikoa).
* Iramendi baserria.

Euskarazko irratia, hizkuntza komunitateak trinkotzeko tresna


Irratiaren izena: Bonberenea Irratia

Albistegia: Arratsaldeko albistegia

Erredaktorea: Julen Telleria

Atala: Komunkabideak

Iraupena: minutu bat


Gasteizen, “Hedabideak etorkizunean, biharko komunikabideak eta Internet” izeneko jardunaldi batzuk ospatu dira, Euskarazko Komunikazio taldeak Arabako Goru Aldundiaren babesarekin antolatuta. Artiumen ospatutako ekitaldi honetan, Euskarazko irratiek etorkizunera begira dituzten erronkak eta hauek gizarte mailan duten garrantzia izan dituzte aztergai. Hizlari gisa, Euskal Irratiak-eko Jose Luis Aizpuru, Bilbo Hiria Irratiko Xabier Monasterio eta Euskalerria Irratiko Mikel Bujanda aritu dira euskarazko irratigintzaren geroari buruz. Monasteriok hizkuntza komunitateak trinkotzeko tresna gisa azaldu zuen irratia, tokian-tokiko gaiei eta gai globalagoei heldu beharko liekeela aipatzeaz gain. Hala ere, guztiek aipatu dute tokian-tokiko informazioa helaraztearen garrantzia.

Baina irratigintzaren geroa eztabaidagai bakarra izan ez dadin, hainbat esparrutako pertsonak bildu dira “Irratigintza Internet aroan” deituriko Word Kafean parte hartzeko. Sare bidezko irratiak oraindik ere ohiko irratiaren ondoan dituen mugak aipatu dituzte arratsaldean egindako saio honetan. Alabaina, internetek irratien arteko informazio trukaketetarako duen aparteko abantaila azpimarratu dute adituek.

miércoles, 23 de diciembre de 2009

"Terrorismo delituak dituzten presoak Euskadira gerturatzea, alferrikako sufrimendua saihesteko neurria da", Bakearen Aldeko Koordinakundearentzat

Gesto por la Paz-Bakearen Aldeko Koordinakundearen arabera, "terrorismo delituak dituzten presoak Euskadira gerturatzea, terrorismoaren aurkako borrokan ez da ez aldeko ez aurkako neurria, baizik eta alferrikako sufrimendua ekiditeko neurria". Horrela dio Edorta Martinez Bakearen Aldeko Koordinakundeko ordezkariak El Correo egunkarian idatzitako Mejor cerca artikuluan.

"Ez dugu ulertzen terrorismo delituengatik espetxean daudenen senideek urruntasunaren zigor gehigarria izatea. Askatasuna ukatzen zaien presoek zigorra etxetik urrun bete behar izatea ez dago inon idatzia", Martinezen ustez.

domingo, 13 de diciembre de 2009

Estatutua ez, independentzia


Kataluniako 170 herritan egingo dute gaur galdeketa; orotara, 700.000 herritarrek dute bozkatzeko aukera

Lehen aldiz, 16 urtetik gorakoek eta etorkinek bozkatu ahal izango dute


Informazioaren garai honetan, baliteke gai jakin bati buruz jasotako mezu elektronikoen kopuruak erakustea gai horrek zenbateraino kezkatzen duen gizartea; hala bada, begi bistan dago Espainiarekiko harremana dela Kataluniako gizartearen kezka iturri nagusia. Argi dago eragina izan duela Arenys efektuak -«buruko desinhibizioaren jokoa» deitu zion Jordi Bilbenyk, bultzatzaileetako batek-, eta milaka pertsona buru-belarri prestatzen ari dira gaurko galdeketetarako, Espainiatik bereizi edo ez behin betiko erabakiko balitz bezalaxe -atzo egin zuten asteburuko lehen kontsulta Sant Jaume de Frontanya herrian eta baiezkoa nagusitu zen-.

Datuek argi erakusten dute nolako garrantzia duen gizarte mugimendu horrek: 170 udalerri; boto eskubidea duten 700.000 herritar baino gehiago -boz normaletan baino gehiago; izan ere, 16 urtetik gorakoek ere parte hartu ahal izango dute, baita erroldaturiko etorkinek ere, dena dela haien egoera lege aldetik-; milaka boluntario -Sant Cugaten bakarrik, galdeketa egingo den hiririk handienean, 500-; ehunka erakunde, nazioarteko begiraleak eta ezin konta ahala atxikimendu. Hori guztia, «ondoriorik gabeko» ekintza «legez kanpoko» baterako, Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak Arenysko galdeketaren atarian erabilitako hitzekin esanda.

Mugimendua

Bistakoa da gaurko ekintza kolektiboa sinbolikoa baino gehiago izango dela. Kataluniako gizartean, gero eta sektore gehiago agertzen ari dira galdeketen alde, eta hori harrigarria da orain dela gutxi Estatutua betetzeko eskatzen zen herrialde batean.

Dagoeneko 229 udal batzarrek eta bost eskualde kontzejuk onartu dute galdeketei babesa ematea; mugimendu transbersal bat izan da, eta PPk bakarrik egin du kontra. CiU Convergencia i Uniok, ERC Esquerra Republicana de Catalunyak, CUP Candidatura d'Unitat Popularrek eta tokiko dozenaka hautagaitza independentek mozioen alde egin dute; PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako zinegotziak, berriz, banaturik ibili dira: batzuek kontra egin dute, alderdiko buruzagitzari segika; beste batzuek, buruzagitzari desobeditu, eta baiezko botoa eman dute, edo abstenitu.

Hori ikusirik, ez da harritzekoa gero eta urduriago egotea Nicaragua kaleko egoitzan. PSCk ez du zuzenean deabrutu nahi milaka herritarrek babestutako ekimen bat -alderdiko oinarrien parte batek ere babestua da, udal batzar askoren emaitza ikusirik-, baina garrantzia kendu nahi die galdeketei, eta «Espainia banatzaileari» leporatzen dio fenomenoa. Jose Zaragoza, sozialisten antolakuntza idazkaria, argiago mintzatu da: haren ustez, galdeketek «kalte egingo diote» Konstituzionalean Estatutua defendatzeko lanari. Kataluniako Parlamentuko korridoreetan diotenez, Zaragozak idatzia da, hain zuzen, hamabi egunkarik Estatutuaren alde argitaratutako editorial bateratua. «Hasieran, Auzitegi Konstituzionalaren epai hipotetiko baten kontrako ekintza sinbolikoa zen; gero, galdeketen kontrako ekintza bihurtu da», adierazi zuen Vicent Partalek Vilaweb-en, subiranismoaren erreferentziazko egunkari digitalean.

jueves, 10 de diciembre de 2009

Akusazio publikorik eta partikularrik gabe nolatan egingo dute epaiketa?

Fiskalak jarrera aldatuz geroztik, akusazio publikorik ez dago Egunkaria auzian. Eta akusazio partikularrik ere ez da inoiz egon, ustezko delituaren biktima zuzenik ez dagoelako. Beraz, herri akusazioa besterik ez da geratzen: AVT eta Dignidad y Justicia. Eta defentsa abokatuen ustez, Judiziamendu Kriminaleko Legearen arabera eta orain arteko jurisprudentziaren arabera, herri akusazioarekin bakarrik ez zegoen inor epaitzerik. Baina epaituko egingo dituzte.

5 egun falta dira.

miércoles, 9 de diciembre de 2009

Agiri zahar eta ezagunak


Bost lagun datorren asteartean akusatuen aulkian eseri eta 10 eta 14 urte arteko kartzela zigorrera akusatzeko oinarri nagusia 1990 eta 1993 arteko agiri batzuk dira. Egunkaria-rekin loturarik ez zuten pertsonek idatzitako testu anonimoak dira, ustez ETAko eta KASeko kideek idatziak.

Txelisi atzemandakoak

Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko kideari atzemandako bi txostenetan, 1990ekoak biak, egoera politikoari buruzko analisia egiten da, eta, Leizarango autobidearen aurkako mugimenduari buruz eta drogen aurkako borrokari buruz bezala, Egunkaria-ri buruzko aipamenak ere egiten dituzte agiri horiek.

Gisasolari eta Aizpuruari atzemandakoak

Abuztuak 8, Urriak 26 eta Azaroak 12 izeneko agiriak, Carmen Gisasolari eta Txomin Aizpuruari atzemandakoak ustez. Egunkaria-ren sorreraren garaiko aipamenak dira: zuzendariaren izendapenaz, diru bilketaz eta sorrera dataz. Agiriak idatzi zituenak edo zituztenek Egunkaria-ri buruzko hainbat informazio bazituztela nabari da idazkeran, baina, aldi berean, baita Egunkaria-tik kanpo ari zirela ere.

Udaletxe proiektuaz

Reunión de Responsables de Proyectos Udaletxe izeneko agiria, 1992koa. Guardia Zibilaren arabera, ETAren enpresa sarea osatzen omen dutenen zerrenda da. Baina zerrenda horretan dator, adibidez, AEK dela sare horretako «enpresa handia», eta Auzitegi Nazionalak aspaldi erabaki zuen, epai bidez, akusazio horrek oinarririk ez duela, eta AEKren aurkako auzia itxi zuen. Normal-normal funtzionatzen duten beste hainbat hedabide ere ageri dira zerrenda horretan, haien kontrako inolako auzibiderik ez da zabaldu.

Zutabe 74

ETAren aldizkariaren 74. zenbakian aipatu zuten Egunkaria, baina, hain zuzen ere, diru laguntzak jasoz gero «otzantzeko» arriskua zegoela ohartarazteko; eta Egunkaria-k sorreratik eskatu zituen diru laguntzak, eta Egunkaria Sortzen-en 11 printzipioen artean zegoen «diruz lagundua» izan behar lukeela.

Dorronsorori atzemandakoak

Kodigo Berriak/93, Garikoitz eta Hontza artxiboak dira, Jose Maria Dorronsorori 1993an atzemandakoak. KASen eta ETAren arteko komunikazioak dira nonbait. Berriro, Egunkaria-ri buruzko hainbat gorabehera dituzte hizpide, besteak beste, zuzendari berriaren izendapena, baina betiere Egunkaria-ren kanpotik idazten dutela nabari da idazkeran. Idazten dutenek Egunkaria-n gertatzen denaz interesa daukatela ondoriozta daiteke, baina inolaz ere ez erabakimena dutenik».

1. Fiskalak agiriei buruz

Akusazioak frogatzat dituen agiriek ezer ez dutela frogatzen ondorioztatu zuen Angel Carballo fiskalak 2006ko abenduko idatzian.

Interesa, auzipetuek jakin gabe. Guardia Zibilak frogatzat aurkeztu dituzten agiriek, izatekotan, ETAk Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela -eta, akaso, kontrolpean eduki nahi zuela-, besterik ez dute adierazten. Baina auzipetuak interes horren jakinaren gainean zeudela edo asmo horrekin ados zeudela egiaztatzen duen ezer ez dago.

Errezeloak. «Argi eta garbi ondorioztatzen da egunkariko arduradunek errezeloak zituztela ustez ETArengandik zetozen proposamenen gainean».

Erabakimenik ez. «ETAk ez du inposatzen, Egunkaria-ko inork ez auzipetuetako inork ETAri baimenik ez dio eskatzen, eta ETAk ez du inor izendatzen, edo agiri horiek behintzat ez dute hori egiaztatzen».

Interpretazio okerra. «Agiri hauen azterketak nabarmen uzten du Guardia Zibilak egindako interpretazioak sendotasunik ez duela, eta auzipetuen aldeko interpretazio arrazoizkoagorik badela».

Ondorioa. «Egunkaria ETAren helburuak betetzeko tresna izan dela islatzen duen agiri bakar bat ez da atzeman».

2.Defentsak agiriei buruz

Argudio hauek eman dituzte defentsako abokatuek, aurkeztu berri duten idatzian, akusazioaren agiriei buruz.

Kanpotik. «Egunkaria-ri eta akusatutako pertsonei buruzko aipamen guztiak Egunkaria-ren kanpotik, distantziatik, egindakoak dira. Beste batzuenak diren egitasmoez ari dira.

Ezagunak. Agiri horietako datu guztiak ezagunak ziren, eta kasu batzuetan eztabaidagai publiko ere izan ziren. Agiriak beraiek ere ezagunak ziren bai Poliziarentzat baita auzitegientzat ere, ikerketa hasi baino urte asko lehenagotik.

Erabakimenik ez. Agirietako bakarrean ere ez da ageri agirien egileek inolako erabakirik hartu zutenik Egunkaria-ri buruzko ezertan.

Sorrera ondorengoak. Agiri guztiak hamar urte baino gehiago zituzten Egunkaria itxi zuten unean, baina guztiak ere Egunkaria sortu ondorengoak dira.

'Egunkaria'-koei agiririk ez. Egunkaria-rekin zerikusia duen inori ez zaio atzeman ETAren esku-hartzeari buruzko aipamenik egiten duen agiri bakar ere.

ETAtik agiririk ez. ETAk Egunkaria-ren sustatzaileei egindako batere agiririk ez da aurkitu.

Interesa baino ez. Agiriotan oinarrituta, gehienez ere ondoriozta daiteke ETAk interesa zuela, eta informazioa ere bai, Egunkaria-ren sorrerari buruz, baina inolaz ere ez kontrola.

Beste interpretazio batzuk. Agiri horiei buruz Guardia Zibilak egiten dituen interpretazioek ez dute sendotasunik, eta beste interpretazio batzuk, askoz arrazoizkoagoak eta akusatuen aldekoagoak, egin daitezke.

viernes, 20 de noviembre de 2009

Irratirako albistea

Irratiaren izena: Bonberenea Irratia
Albistegia: Arratsaldeko albistegia
Erredaktorea: Julen Telleria
Atala: Kirolak
Iraupena: 30 segundu

Holandan, epaitegi batek hamar hilabetetako kartzela zigorra ezarri die 18 eta 19 urteko bi gazteri, futbol partida batean leherkari bat jaurti eta hambost lagun zauritzea leporatuta. Leherketak Amsterdamgo Ajax taldearen zelaian izan zuen lekua, Feyenoorden aurkako norgehiagoka jokatzen ari zen unean. Estadioan zeuden 300 polizia eta gainerako segurtasun neurriez gain, bi zaleek ez zuten arazorik izan lehergailua bertara sartu eta leherrarazteko. Epaitegiak zauritutako hamar pertsonei indemnizazioa ordaintzera behartu ditu bi gazteak, gertaeraren larritasuna ikusita beste erremediorik ez zegoela argudiatuta.

Beskoitzeko Heskuara


Irratiaren izena: Bonberenea Irratia
Albistegia: Arratsaldeko albistegia
Erredaktorea: Julen Telleria
Atala: Kultura
Iraupena: 30 segundu

Henri Duhau idazle beskoiztarrak “Hasian hasi” liburua argitaratu berri du, 12 urteko ikerlanarlanaren ondoren. Bertan bere herriko euskalkiaren gaurko ahoskera, deklinabidea eta aditzaren nondik norakoak azaltzen ditu idazleak. Horrez gain, bigarren liburu baten aurrerapena ere irakurgai da liburuan, bere sorterriko hainbat esaera biltzen dituena.

martes, 17 de noviembre de 2009

Egunkariaren aldeko web orrialdea martxan


'Egunkaria aurrera' lelopean jarri dute abian egunkaria.info interneteko ataria. Bertan, auzi honen inguruko datu guztiak eskaintzen dira irudi, bideo, elkarrizketa eta abarren bidez. Gainera, diruz lagundu nahi duten solidario horientzat ere bada aukera transferentzia bidez esku bat luzatzeko. Baina besterik gabe auzi honi buruz gehiago jakin nahi dutenek ez dute orrialde hau baino leku hoberik aurkituko. Aurrera Egunkaria!

viernes, 13 de noviembre de 2009

EHUko ikasleak BGCn


Gorka Jakobe Palazio irakaslearen eskutik, EHUko Ikus-entzunezko komunikazioetako eta Publizitateko bigarren mailako hamar ikaslek Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu den BGC (Business Global Conference) jardunaldietara joateko aukera izan dugu. Bertan, berrikuntzaren inguruan hainbat aditu aritu dira hitzaldiak eskaintzen. Lehenengo orduan, Tom Kelley amerikarraren saioa izan dute entzungai ikasle hauek. Kelley jauna mundu mailako erreferentea da berrikuntzaren esparruan. “The Ten Faces of Innovation” liburuaren egilea da eta berrikuntzako ranking garrantzitsuenetan (Business Week, Fast Company…) lehen postuetan dagoen Ideo erakundeko zuzendari nagusia.
Ordubeteko saioaren ondoren, etenaldia egin dute antolatzaileek, eta orduan gosaltzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Jarraian “Fast Forward” berrikuntzan adituak diren hiru hizlari izan dira taula gainean: Carlos Sánchez, “ Factoría de Innovación” enpresako bazkide fundatzailea; Francisco José Jariego, “Telefonica” enpresako estrategia teknologikoko zuzendaria eta Investigación y Desarrollo-ren batzorde exekutiboko kidea; eta azkenik Daniel Córdoba, “Coolhunting”ean aditua. Ordu eta erditik gorako hitzaldia entzun ondoren, Inma Shararen txanda iritsi da. Emakume gazte hau, orkestra zuzendarien belaunaldi berriko liderra eta munduko ordezkaririk berritzaileneetakoa da, eta horrez gain Europako Bikaintasunaren Saria jaso zuen.
Hitzaldia amaitutakoan EHUko hamar ikasleek berarekin argazkia ateratzeko plazerra izan dugu. Ziztu batean igaro da goiza, eta eguerdia iristerakoan Euskaldunan bertan jarri duten “lunch”era joan gara ikasleak, lepotik zintzilik generaman egiaztagiri eta guzti. Baina sarreran zeuden azafatengana ailegatzean egundoko sorpresa desatsegina jaso dugu. “Lunch”ean zeuden gorbata guztien artean ez zen guretzat lekurik, eta burumakur etxerako bidea hartu behar izan dugu. Hori dela eta irakasleak arratsaldeko ekitaldietara ez etortzeko baimena eman digu. Eskerrikasko Gorka!

Egunkaria Libre! jaialdia antolatu dute hainbat musikari ezagunek


Hilaren 28an izango da kontzertu-jaialdia, Kursaalean, eta 'Egunkaria auziko' auzipetuei laguntzea izango du helburu

Epaiketaren gastuei aurre egiteko izango dira sarrera bakoitzetik jasotako 18 euroak

Akorde, ahots, melodia, lelo, estribillo eta gainerakoak Egunkaria-ren tonura afinatuko dituzte azaroaren 28an hainbat musikari ezagunek. Espainiako Auzitegi Nazionalak oraindik datarik jakinarazi ez duen arren, Egunkaria auziko epaiketa gero eta gertuago dago, eta auzipetuei elkartasuna agertu nahi diete musikariek. Ondoen dakiten modura erakutsiko diete elkartasun hori: musika eginez. Jaialdia antolatu dute Kursaalean, eta herritarrei ere elkartasuna adierazteko modua egingo diete. Hilaren 28an 19:00etan hasiko den jaialdia ikustera joaten diren herritarrek ere elkartasuna agertuko diete auzipetuei, bai elkartasun morala eta baita elkartasun ekonomikoa ere. Izan ere, sarreretatik lortuko den dirua auzipetuei laguntzeko izango da, epaiketaren gastuei aurre egiteko. Jaime Otamendik eta Arantxa Iturbek aurkeztuko duten jaialdirako sarrerak Elkar dendetan zein Hitza eskualdeko egunkarien egoitzetan jarri dituzte salgai, 18 eurotan. «Orain arte diru asko gastatu dugu, baina asko daukagu gastatzeko oraindik ere», esan zuen Martxelo Otamendi auzipetuak.

Hainbat musikarik hartuko dute parte jaialdian, eta haien artean atzo prentsaurrekoan parte hartu zuen Peio Ospitalek. Nolabait ere, abeslarien ordezkari sentitzen zela esan zuen: «Denok sentitzen gara Egunkaria». Beren kantaldietan abesten duten kantua gogora ekarri zuen: «Abertzale izanez gero gaur, gauden denok anai...», eta «ea hori itxuratzen dugun», gaineratu zuen.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendiren kontrako epaiketa abenduan hastea espero da, Madrilen, Auzitegi Nazionalean. ETAko izatea egotzita epaituko dituzte, baina, fiskala epaiketa egitearen kontra dago, ez baitu uste horretarako arrazoirik dagoenik.



Parte-hartzaileak


Anari

Anje Duhalde eta Niko Etxart

Pantxoa eta Peio

Mikel Urdangarin eta Josu Zabala

Pantxoa eta Peio

Gorka Urbizu

Oskorri

Erramun Martikorena eta Jean Mixel Bedaxagar

Ken Zazpi

Txomin Artola eta Amaia Zubiria

Rafa Rueda

Urko

Beste zenbait

miércoles, 11 de noviembre de 2009

Irratirako aditz denborak

Lehenik eta behin, esan, atentzioa deitu didala irratia audientziari informazioa azkarren eskaintzen dion komunikabidea dela jakiteak. Hori dela eta, ez da harritzekoa aditzak duen parte hartzeari garrantzia ematea, honen araberakoa izango baita albistearen erritmoa eta interes maila.
Baina hala eta guztiz ere ez da erraza euskarazko albistegi batean aditzak hautatzea, izan ere kontutan hartzekoa baita, geure erantzunean ipini dugun moduan, entzuleak hitz egiten duen euskalkia edota eduki dezaketen euskararen maila. Honek dezente baldintzatzen du aditz batzuk edo beste batzuk erabiltzea. Honi aurre egiteko erremedioa naturaltasuna, berehalakotasuna eta berritasuna islatzea izango litzateke, beti ere negatibo erako aditzak eta lehen pertsonak saihestuz.

Bonbereneako kontzertuak


Azaroa
13 ostirala. Lain eta Ydilia.22:30h.
20 ostirala.Hedoi Etxart eta Zura.22:30h
21 larunbata. El Desvan del Macho eta Decapante.22:30h.
27 ostirala. Desordutan(diska aurkezpena) eta Innerve.22:30h.
28 larunbata.Basque Country faraons eta La otra gloria.22:30h.

martes, 10 de noviembre de 2009

'Egunkaria auzia'-ren aurkako elkarretaratzea egingo dute abokatuek eta legelariek ostiralean, Donostian



Bulebarrean izango da zuzenbide arloko kideen bilkura, 13:00etan. Deialdia irekia da. Aste batzuk barru espero dute epaiketa hastea, eta bost auzipetu daude.

Egunkaria auzia-ren aurkako eta auzipetuen aldeko elkarretaratzea egingo dute ostiral honetan abokatuek, legelariek eta zuzenbide arloko kideek, Donostian, Egunkaria libre! lelopean. Bulebarrean izango da, 13:00etatik aurrera. Dena dela, bilkura horren deialdia ere irekia da.

Azkeneko asteetan euskal zinemako hainbat lagunek, kirolariek, politikariek, bertsolariek, idazleek eta argitaletxeetako ordezkariek, eta musikariek eta diskoetxeetako ordezkariek egin dituzte auziaren kontrako elkarretaratzeak.

Bost auzipetu

Egunkaria auziko sumario nagusiko epaiketa aste batzuk barru hastea espero dute -kazetaren itxierarena-, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.
Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen dabiltza, gizartea mobilizatzeko. Herri batzordeak sustatzen ari dira, epaiketarako dirua biltzen, mobilizazioak antolatzen...


2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.

martes, 3 de noviembre de 2009

Begi zorrotzekin aurkezten dutelako

Ez da erraza gaur egun telebistan aritzea. Beno, lehen ere ez zen izango baina gaur oraindik ere gutxiago. Audientziaren iturritik edan ahal izateko edozer egitera iritsi gaitezke. Horixe da helburua. Beraz konpetentzia itzela da alor honetan.
Telebistako aurkezle izateko berezko dohaia behar, eta horrez gain zintzo bete goikoek esaten dutena, ez baita erraza zentsuraren laban zorrotzari izkin egitea. Beraz, nahiz eta bere ahotsa dotorea izan eta fisiko erakargarria eduki, ez da hori izan aurkezle hau aukeratzeko erabili dudan irizpidea. Naturala eta kritikoa delako, eta gaur egun telebistan agertzen diren gehienak baino azkarragoa, ETB2ko Pásalo programako Iñaki Lopez da nire aurkezle perfila ondoen betetzen duena.
Asko ez dira ados izango honekin, baina egia esan eztit txintik ere axola. Besteen iritziak ez du arratsaldero kafetxoarekin telebistaren aurrean jarri eta tertulia saio hau ikusteko izan ohi dudan ilusioa aldatuko.
Gainera, programa mota honetan aritzeak zailtasun gehigarri bat duela iruditzen zait. Albistegietako aurkezleek muturren aurrean dutena irakurri eta esatea dute betebeharra (honi, noski, inongo meriturik kendu gabe), baina nik nahiago izaten dut pantailan dagoenaren lana hortik haratago doanean. Egoera desberdinei aurre egin eta erantzun egokiak bilatzea. Ez da eginkizun makala, eta horretan Iñaki honenetakoa. Arrazoi honexegatik gustatuko litzaidake neuri ere antzerako zerbaitetan aritzea. Telebistan edo irratian. Baina beti ere paperean jartzen duena esatetik aurrerago, eskilara bat gorago, hor ikusten baita benetan nork balio duen. Eta irratia esan dudanez, ezin aipatu gabe utzi Radio Euskadiko Cocidito madrileño saioko Javier Vizvaíno, aipatu berri dudanaren beste adibide bat.
Ea gutako inor hauek egin duten bidea egiteko gai den. Horretarako zer hobeto Leioako Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatean ikasten hastea baino...

Telle's page

jai-alivetik kontrakantxara