viernes, 20 de noviembre de 2009

Irratirako albistea

Irratiaren izena: Bonberenea Irratia
Albistegia: Arratsaldeko albistegia
Erredaktorea: Julen Telleria
Atala: Kirolak
Iraupena: 30 segundu

Holandan, epaitegi batek hamar hilabetetako kartzela zigorra ezarri die 18 eta 19 urteko bi gazteri, futbol partida batean leherkari bat jaurti eta hambost lagun zauritzea leporatuta. Leherketak Amsterdamgo Ajax taldearen zelaian izan zuen lekua, Feyenoorden aurkako norgehiagoka jokatzen ari zen unean. Estadioan zeuden 300 polizia eta gainerako segurtasun neurriez gain, bi zaleek ez zuten arazorik izan lehergailua bertara sartu eta leherrarazteko. Epaitegiak zauritutako hamar pertsonei indemnizazioa ordaintzera behartu ditu bi gazteak, gertaeraren larritasuna ikusita beste erremediorik ez zegoela argudiatuta.

Beskoitzeko Heskuara


Irratiaren izena: Bonberenea Irratia
Albistegia: Arratsaldeko albistegia
Erredaktorea: Julen Telleria
Atala: Kultura
Iraupena: 30 segundu

Henri Duhau idazle beskoiztarrak “Hasian hasi” liburua argitaratu berri du, 12 urteko ikerlanarlanaren ondoren. Bertan bere herriko euskalkiaren gaurko ahoskera, deklinabidea eta aditzaren nondik norakoak azaltzen ditu idazleak. Horrez gain, bigarren liburu baten aurrerapena ere irakurgai da liburuan, bere sorterriko hainbat esaera biltzen dituena.

martes, 17 de noviembre de 2009

Egunkariaren aldeko web orrialdea martxan


'Egunkaria aurrera' lelopean jarri dute abian egunkaria.info interneteko ataria. Bertan, auzi honen inguruko datu guztiak eskaintzen dira irudi, bideo, elkarrizketa eta abarren bidez. Gainera, diruz lagundu nahi duten solidario horientzat ere bada aukera transferentzia bidez esku bat luzatzeko. Baina besterik gabe auzi honi buruz gehiago jakin nahi dutenek ez dute orrialde hau baino leku hoberik aurkituko. Aurrera Egunkaria!

viernes, 13 de noviembre de 2009

EHUko ikasleak BGCn


Gorka Jakobe Palazio irakaslearen eskutik, EHUko Ikus-entzunezko komunikazioetako eta Publizitateko bigarren mailako hamar ikaslek Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu den BGC (Business Global Conference) jardunaldietara joateko aukera izan dugu. Bertan, berrikuntzaren inguruan hainbat aditu aritu dira hitzaldiak eskaintzen. Lehenengo orduan, Tom Kelley amerikarraren saioa izan dute entzungai ikasle hauek. Kelley jauna mundu mailako erreferentea da berrikuntzaren esparruan. “The Ten Faces of Innovation” liburuaren egilea da eta berrikuntzako ranking garrantzitsuenetan (Business Week, Fast Company…) lehen postuetan dagoen Ideo erakundeko zuzendari nagusia.
Ordubeteko saioaren ondoren, etenaldia egin dute antolatzaileek, eta orduan gosaltzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Jarraian “Fast Forward” berrikuntzan adituak diren hiru hizlari izan dira taula gainean: Carlos Sánchez, “ Factoría de Innovación” enpresako bazkide fundatzailea; Francisco José Jariego, “Telefonica” enpresako estrategia teknologikoko zuzendaria eta Investigación y Desarrollo-ren batzorde exekutiboko kidea; eta azkenik Daniel Córdoba, “Coolhunting”ean aditua. Ordu eta erditik gorako hitzaldia entzun ondoren, Inma Shararen txanda iritsi da. Emakume gazte hau, orkestra zuzendarien belaunaldi berriko liderra eta munduko ordezkaririk berritzaileneetakoa da, eta horrez gain Europako Bikaintasunaren Saria jaso zuen.
Hitzaldia amaitutakoan EHUko hamar ikasleek berarekin argazkia ateratzeko plazerra izan dugu. Ziztu batean igaro da goiza, eta eguerdia iristerakoan Euskaldunan bertan jarri duten “lunch”era joan gara ikasleak, lepotik zintzilik generaman egiaztagiri eta guzti. Baina sarreran zeuden azafatengana ailegatzean egundoko sorpresa desatsegina jaso dugu. “Lunch”ean zeuden gorbata guztien artean ez zen guretzat lekurik, eta burumakur etxerako bidea hartu behar izan dugu. Hori dela eta irakasleak arratsaldeko ekitaldietara ez etortzeko baimena eman digu. Eskerrikasko Gorka!

Egunkaria Libre! jaialdia antolatu dute hainbat musikari ezagunek


Hilaren 28an izango da kontzertu-jaialdia, Kursaalean, eta 'Egunkaria auziko' auzipetuei laguntzea izango du helburu

Epaiketaren gastuei aurre egiteko izango dira sarrera bakoitzetik jasotako 18 euroak

Akorde, ahots, melodia, lelo, estribillo eta gainerakoak Egunkaria-ren tonura afinatuko dituzte azaroaren 28an hainbat musikari ezagunek. Espainiako Auzitegi Nazionalak oraindik datarik jakinarazi ez duen arren, Egunkaria auziko epaiketa gero eta gertuago dago, eta auzipetuei elkartasuna agertu nahi diete musikariek. Ondoen dakiten modura erakutsiko diete elkartasun hori: musika eginez. Jaialdia antolatu dute Kursaalean, eta herritarrei ere elkartasuna adierazteko modua egingo diete. Hilaren 28an 19:00etan hasiko den jaialdia ikustera joaten diren herritarrek ere elkartasuna agertuko diete auzipetuei, bai elkartasun morala eta baita elkartasun ekonomikoa ere. Izan ere, sarreretatik lortuko den dirua auzipetuei laguntzeko izango da, epaiketaren gastuei aurre egiteko. Jaime Otamendik eta Arantxa Iturbek aurkeztuko duten jaialdirako sarrerak Elkar dendetan zein Hitza eskualdeko egunkarien egoitzetan jarri dituzte salgai, 18 eurotan. «Orain arte diru asko gastatu dugu, baina asko daukagu gastatzeko oraindik ere», esan zuen Martxelo Otamendi auzipetuak.

Hainbat musikarik hartuko dute parte jaialdian, eta haien artean atzo prentsaurrekoan parte hartu zuen Peio Ospitalek. Nolabait ere, abeslarien ordezkari sentitzen zela esan zuen: «Denok sentitzen gara Egunkaria». Beren kantaldietan abesten duten kantua gogora ekarri zuen: «Abertzale izanez gero gaur, gauden denok anai...», eta «ea hori itxuratzen dugun», gaineratu zuen.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendiren kontrako epaiketa abenduan hastea espero da, Madrilen, Auzitegi Nazionalean. ETAko izatea egotzita epaituko dituzte, baina, fiskala epaiketa egitearen kontra dago, ez baitu uste horretarako arrazoirik dagoenik.



Parte-hartzaileak


Anari

Anje Duhalde eta Niko Etxart

Pantxoa eta Peio

Mikel Urdangarin eta Josu Zabala

Pantxoa eta Peio

Gorka Urbizu

Oskorri

Erramun Martikorena eta Jean Mixel Bedaxagar

Ken Zazpi

Txomin Artola eta Amaia Zubiria

Rafa Rueda

Urko

Beste zenbait

miércoles, 11 de noviembre de 2009

Irratirako aditz denborak

Lehenik eta behin, esan, atentzioa deitu didala irratia audientziari informazioa azkarren eskaintzen dion komunikabidea dela jakiteak. Hori dela eta, ez da harritzekoa aditzak duen parte hartzeari garrantzia ematea, honen araberakoa izango baita albistearen erritmoa eta interes maila.
Baina hala eta guztiz ere ez da erraza euskarazko albistegi batean aditzak hautatzea, izan ere kontutan hartzekoa baita, geure erantzunean ipini dugun moduan, entzuleak hitz egiten duen euskalkia edota eduki dezaketen euskararen maila. Honek dezente baldintzatzen du aditz batzuk edo beste batzuk erabiltzea. Honi aurre egiteko erremedioa naturaltasuna, berehalakotasuna eta berritasuna islatzea izango litzateke, beti ere negatibo erako aditzak eta lehen pertsonak saihestuz.

Bonbereneako kontzertuak


Azaroa
13 ostirala. Lain eta Ydilia.22:30h.
20 ostirala.Hedoi Etxart eta Zura.22:30h
21 larunbata. El Desvan del Macho eta Decapante.22:30h.
27 ostirala. Desordutan(diska aurkezpena) eta Innerve.22:30h.
28 larunbata.Basque Country faraons eta La otra gloria.22:30h.

martes, 10 de noviembre de 2009

'Egunkaria auzia'-ren aurkako elkarretaratzea egingo dute abokatuek eta legelariek ostiralean, Donostian



Bulebarrean izango da zuzenbide arloko kideen bilkura, 13:00etan. Deialdia irekia da. Aste batzuk barru espero dute epaiketa hastea, eta bost auzipetu daude.

Egunkaria auzia-ren aurkako eta auzipetuen aldeko elkarretaratzea egingo dute ostiral honetan abokatuek, legelariek eta zuzenbide arloko kideek, Donostian, Egunkaria libre! lelopean. Bulebarrean izango da, 13:00etatik aurrera. Dena dela, bilkura horren deialdia ere irekia da.

Azkeneko asteetan euskal zinemako hainbat lagunek, kirolariek, politikariek, bertsolariek, idazleek eta argitaletxeetako ordezkariek, eta musikariek eta diskoetxeetako ordezkariek egin dituzte auziaren kontrako elkarretaratzeak.

Bost auzipetu

Egunkaria auziko sumario nagusiko epaiketa aste batzuk barru hastea espero dute -kazetaren itxierarena-, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.
Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen dabiltza, gizartea mobilizatzeko. Herri batzordeak sustatzen ari dira, epaiketarako dirua biltzen, mobilizazioak antolatzen...


2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.

martes, 3 de noviembre de 2009

Begi zorrotzekin aurkezten dutelako

Ez da erraza gaur egun telebistan aritzea. Beno, lehen ere ez zen izango baina gaur oraindik ere gutxiago. Audientziaren iturritik edan ahal izateko edozer egitera iritsi gaitezke. Horixe da helburua. Beraz konpetentzia itzela da alor honetan.
Telebistako aurkezle izateko berezko dohaia behar, eta horrez gain zintzo bete goikoek esaten dutena, ez baita erraza zentsuraren laban zorrotzari izkin egitea. Beraz, nahiz eta bere ahotsa dotorea izan eta fisiko erakargarria eduki, ez da hori izan aurkezle hau aukeratzeko erabili dudan irizpidea. Naturala eta kritikoa delako, eta gaur egun telebistan agertzen diren gehienak baino azkarragoa, ETB2ko Pásalo programako Iñaki Lopez da nire aurkezle perfila ondoen betetzen duena.
Asko ez dira ados izango honekin, baina egia esan eztit txintik ere axola. Besteen iritziak ez du arratsaldero kafetxoarekin telebistaren aurrean jarri eta tertulia saio hau ikusteko izan ohi dudan ilusioa aldatuko.
Gainera, programa mota honetan aritzeak zailtasun gehigarri bat duela iruditzen zait. Albistegietako aurkezleek muturren aurrean dutena irakurri eta esatea dute betebeharra (honi, noski, inongo meriturik kendu gabe), baina nik nahiago izaten dut pantailan dagoenaren lana hortik haratago doanean. Egoera desberdinei aurre egin eta erantzun egokiak bilatzea. Ez da eginkizun makala, eta horretan Iñaki honenetakoa. Arrazoi honexegatik gustatuko litzaidake neuri ere antzerako zerbaitetan aritzea. Telebistan edo irratian. Baina beti ere paperean jartzen duena esatetik aurrerago, eskilara bat gorago, hor ikusten baita benetan nork balio duen. Eta irratia esan dudanez, ezin aipatu gabe utzi Radio Euskadiko Cocidito madrileño saioko Javier Vizvaíno, aipatu berri dudanaren beste adibide bat.
Ea gutako inor hauek egin duten bidea egiteko gai den. Horretarako zer hobeto Leioako Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatean ikasten hastea baino...

Telle's page

jai-alivetik kontrakantxara