viernes, 13 de noviembre de 2009

Egunkaria Libre! jaialdia antolatu dute hainbat musikari ezagunek


Hilaren 28an izango da kontzertu-jaialdia, Kursaalean, eta 'Egunkaria auziko' auzipetuei laguntzea izango du helburu

Epaiketaren gastuei aurre egiteko izango dira sarrera bakoitzetik jasotako 18 euroak

Akorde, ahots, melodia, lelo, estribillo eta gainerakoak Egunkaria-ren tonura afinatuko dituzte azaroaren 28an hainbat musikari ezagunek. Espainiako Auzitegi Nazionalak oraindik datarik jakinarazi ez duen arren, Egunkaria auziko epaiketa gero eta gertuago dago, eta auzipetuei elkartasuna agertu nahi diete musikariek. Ondoen dakiten modura erakutsiko diete elkartasun hori: musika eginez. Jaialdia antolatu dute Kursaalean, eta herritarrei ere elkartasuna adierazteko modua egingo diete. Hilaren 28an 19:00etan hasiko den jaialdia ikustera joaten diren herritarrek ere elkartasuna agertuko diete auzipetuei, bai elkartasun morala eta baita elkartasun ekonomikoa ere. Izan ere, sarreretatik lortuko den dirua auzipetuei laguntzeko izango da, epaiketaren gastuei aurre egiteko. Jaime Otamendik eta Arantxa Iturbek aurkeztuko duten jaialdirako sarrerak Elkar dendetan zein Hitza eskualdeko egunkarien egoitzetan jarri dituzte salgai, 18 eurotan. «Orain arte diru asko gastatu dugu, baina asko daukagu gastatzeko oraindik ere», esan zuen Martxelo Otamendi auzipetuak.

Hainbat musikarik hartuko dute parte jaialdian, eta haien artean atzo prentsaurrekoan parte hartu zuen Peio Ospitalek. Nolabait ere, abeslarien ordezkari sentitzen zela esan zuen: «Denok sentitzen gara Egunkaria». Beren kantaldietan abesten duten kantua gogora ekarri zuen: «Abertzale izanez gero gaur, gauden denok anai...», eta «ea hori itxuratzen dugun», gaineratu zuen.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendiren kontrako epaiketa abenduan hastea espero da, Madrilen, Auzitegi Nazionalean. ETAko izatea egotzita epaituko dituzte, baina, fiskala epaiketa egitearen kontra dago, ez baitu uste horretarako arrazoirik dagoenik.



Parte-hartzaileak


Anari

Anje Duhalde eta Niko Etxart

Pantxoa eta Peio

Mikel Urdangarin eta Josu Zabala

Pantxoa eta Peio

Gorka Urbizu

Oskorri

Erramun Martikorena eta Jean Mixel Bedaxagar

Ken Zazpi

Txomin Artola eta Amaia Zubiria

Rafa Rueda

Urko

Beste zenbait

No hay comentarios:

Publicar un comentario