viernes, 13 de noviembre de 2009

EHUko ikasleak BGCn


Gorka Jakobe Palazio irakaslearen eskutik, EHUko Ikus-entzunezko komunikazioetako eta Publizitateko bigarren mailako hamar ikaslek Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu den BGC (Business Global Conference) jardunaldietara joateko aukera izan dugu. Bertan, berrikuntzaren inguruan hainbat aditu aritu dira hitzaldiak eskaintzen. Lehenengo orduan, Tom Kelley amerikarraren saioa izan dute entzungai ikasle hauek. Kelley jauna mundu mailako erreferentea da berrikuntzaren esparruan. “The Ten Faces of Innovation” liburuaren egilea da eta berrikuntzako ranking garrantzitsuenetan (Business Week, Fast Company…) lehen postuetan dagoen Ideo erakundeko zuzendari nagusia.
Ordubeteko saioaren ondoren, etenaldia egin dute antolatzaileek, eta orduan gosaltzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Jarraian “Fast Forward” berrikuntzan adituak diren hiru hizlari izan dira taula gainean: Carlos Sánchez, “ Factoría de Innovación” enpresako bazkide fundatzailea; Francisco José Jariego, “Telefonica” enpresako estrategia teknologikoko zuzendaria eta Investigación y Desarrollo-ren batzorde exekutiboko kidea; eta azkenik Daniel Córdoba, “Coolhunting”ean aditua. Ordu eta erditik gorako hitzaldia entzun ondoren, Inma Shararen txanda iritsi da. Emakume gazte hau, orkestra zuzendarien belaunaldi berriko liderra eta munduko ordezkaririk berritzaileneetakoa da, eta horrez gain Europako Bikaintasunaren Saria jaso zuen.
Hitzaldia amaitutakoan EHUko hamar ikasleek berarekin argazkia ateratzeko plazerra izan dugu. Ziztu batean igaro da goiza, eta eguerdia iristerakoan Euskaldunan bertan jarri duten “lunch”era joan gara ikasleak, lepotik zintzilik generaman egiaztagiri eta guzti. Baina sarreran zeuden azafatengana ailegatzean egundoko sorpresa desatsegina jaso dugu. “Lunch”ean zeuden gorbata guztien artean ez zen guretzat lekurik, eta burumakur etxerako bidea hartu behar izan dugu. Hori dela eta irakasleak arratsaldeko ekitaldietara ez etortzeko baimena eman digu. Eskerrikasko Gorka!

No hay comentarios:

Publicar un comentario