domingo, 13 de diciembre de 2009

Estatutua ez, independentzia


Kataluniako 170 herritan egingo dute gaur galdeketa; orotara, 700.000 herritarrek dute bozkatzeko aukera

Lehen aldiz, 16 urtetik gorakoek eta etorkinek bozkatu ahal izango dute


Informazioaren garai honetan, baliteke gai jakin bati buruz jasotako mezu elektronikoen kopuruak erakustea gai horrek zenbateraino kezkatzen duen gizartea; hala bada, begi bistan dago Espainiarekiko harremana dela Kataluniako gizartearen kezka iturri nagusia. Argi dago eragina izan duela Arenys efektuak -«buruko desinhibizioaren jokoa» deitu zion Jordi Bilbenyk, bultzatzaileetako batek-, eta milaka pertsona buru-belarri prestatzen ari dira gaurko galdeketetarako, Espainiatik bereizi edo ez behin betiko erabakiko balitz bezalaxe -atzo egin zuten asteburuko lehen kontsulta Sant Jaume de Frontanya herrian eta baiezkoa nagusitu zen-.

Datuek argi erakusten dute nolako garrantzia duen gizarte mugimendu horrek: 170 udalerri; boto eskubidea duten 700.000 herritar baino gehiago -boz normaletan baino gehiago; izan ere, 16 urtetik gorakoek ere parte hartu ahal izango dute, baita erroldaturiko etorkinek ere, dena dela haien egoera lege aldetik-; milaka boluntario -Sant Cugaten bakarrik, galdeketa egingo den hiririk handienean, 500-; ehunka erakunde, nazioarteko begiraleak eta ezin konta ahala atxikimendu. Hori guztia, «ondoriorik gabeko» ekintza «legez kanpoko» baterako, Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak Arenysko galdeketaren atarian erabilitako hitzekin esanda.

Mugimendua

Bistakoa da gaurko ekintza kolektiboa sinbolikoa baino gehiago izango dela. Kataluniako gizartean, gero eta sektore gehiago agertzen ari dira galdeketen alde, eta hori harrigarria da orain dela gutxi Estatutua betetzeko eskatzen zen herrialde batean.

Dagoeneko 229 udal batzarrek eta bost eskualde kontzejuk onartu dute galdeketei babesa ematea; mugimendu transbersal bat izan da, eta PPk bakarrik egin du kontra. CiU Convergencia i Uniok, ERC Esquerra Republicana de Catalunyak, CUP Candidatura d'Unitat Popularrek eta tokiko dozenaka hautagaitza independentek mozioen alde egin dute; PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako zinegotziak, berriz, banaturik ibili dira: batzuek kontra egin dute, alderdiko buruzagitzari segika; beste batzuek, buruzagitzari desobeditu, eta baiezko botoa eman dute, edo abstenitu.

Hori ikusirik, ez da harritzekoa gero eta urduriago egotea Nicaragua kaleko egoitzan. PSCk ez du zuzenean deabrutu nahi milaka herritarrek babestutako ekimen bat -alderdiko oinarrien parte batek ere babestua da, udal batzar askoren emaitza ikusirik-, baina garrantzia kendu nahi die galdeketei, eta «Espainia banatzaileari» leporatzen dio fenomenoa. Jose Zaragoza, sozialisten antolakuntza idazkaria, argiago mintzatu da: haren ustez, galdeketek «kalte egingo diote» Konstituzionalean Estatutua defendatzeko lanari. Kataluniako Parlamentuko korridoreetan diotenez, Zaragozak idatzia da, hain zuzen, hamabi egunkarik Estatutuaren alde argitaratutako editorial bateratua. «Hasieran, Auzitegi Konstituzionalaren epai hipotetiko baten kontrako ekintza sinbolikoa zen; gero, galdeketen kontrako ekintza bihurtu da», adierazi zuen Vicent Partalek Vilaweb-en, subiranismoaren erreferentziazko egunkari digitalean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario